top of page

BIGARREN JARDUNALDIA: SAN JUANGO NESKAK EZIN DIRA GARAITUAK IZAN! 

Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia, egun handia arraun jarraitzaileentzako. Marea Arroxako hainbat zale prest ziren Donostiako portuan goiz-goizetik. Bateleren aldea Hibaikako neskekin oso laburra eta eskasa zen. Bi segundo baino apur bat gehiagokoa. Horrek zirrara handia sortu zuen hasieratik. Batelerak txalo zaparrada artean sartu ziren uretara, estropadan azkarrenak izateko asmoarekin. Portuko arrapalan itxaroten mantendu ziren zale batzuk entzungailuak atera zituzten, irratiaren bitartez ontzi ezberdinen marken berri izateko.

Gogor ekin zioten neskek arraunari, eta estropadaren hasieran berehala jarri ziren lehenak Hibaikaren aurretik. Hala ere, ontziak ziaboga atzean utzi eta badiara bueltan etorri zirenean hasieran Batelerek lortutako aldea txikitzen hasi zen Hibaika. Parekotasun handia egon zen estropadako azken metroetan, eta jardunaldiko marka hoberena Hibaikak lortu zuen azkenean, baina aurreko astean Batelerek lortu zuten aldeari esker, azken hauek izan ziren estropadaren irabazleak.

Portuan Bateleren zain ibiltzen ziren sanjuandarrek ezin izan zuten zirrara eutsi. Txaloak, kantuak eta babes hitzak bata bestearen atzetik ematen ziren. Batelerak portura heldu ziren momentuan aldez aurretik prestatuak zituzten oihuak bota zituzten zaleek, horien artean “San Juan hain da txikia ez dela agertzen mapan” eta “Batelerak, Batelerak”. Portuan merezitako harrera egin ondoren, eta arratsaldean Pasai Donibanen egin behar zuten harrerako indarra gordez, hasierako euforia pixkanaka baretzen hasi zen.

Emakumeen estropadak azken momentura arte jendea zutik mantendu bazuen, berea egin zuen baita ere gizonezkoen lasterketak. Sanjuandarrek bazekiten aldez aurretik Kontxako Bandera etxera eramatea zaila zutela, baina gizonek aurre egin zioten erronkari, eta marka polita lortu zuten, txandako hirugarrenak izanez, eta sailkapen orokorrean bosgarren postua lortuz.

Portura bueltan, zaleek argi erakutsi zuten beraientzat banderak lortzea baino inportanteagoa parte hartzea zela. Batelerak oraindik arrapalan ibiltzen ziren, eta momentu horietan bi generoen arteko besarkadak eta animoak ikusi ziren arraunlarien artean. Sanjuandarrek jai giro alaia sustatu zuten portuan hasieratik. Herri txikia da Pasai Donibane, baina argi dago afizioak baduela indarra eta zaletasuna. Urtero erakusten dute Kontxan herria bizirik dagoela. Arroxa kolorea harrotasunez daraman herria da Pasai Donibane. Arraunlariek ez dute inoiz hutsik egiten! Festa eta ospakizun giroa herrira eraman zuten sanjuandarrek, baina horren berri hurrengo orrialdean ikusteko aukera izango duzue. 

Batelerak Kontxako Bandera irabazi ondoren. Argazkia: Erik Salazar

Donibaneko jarraitzaileak Donostiako portuan. Argazkia: Erik Salazar

Arraunlariei harrera Donostiako portuan. Bideoa: Erik Salazar

bottom of page